


Eduardo Arreseygorrek diseinatu eta Leitzaran II Enplegu Tailerreko galdaragintza eta soldadurako ikasleek prestatutako eskultura-markesinak 1904. urtetik 1953ko uholdeak arte ibili zen Plazaolako trenaren Andoaingo geltoki zaharra irudikatzen du.
Markesina sinbolismo eta historiaz josia dago. Bera osatzen duten elementuetako bakoitzak tren horren geltokia izandakoa irudikatzen du.
Porlanezko oinarriak, garai bateko geltokiaren nasa islatzen du. Eskubialdean geltokiko takila irudikatzen duen leihatila txiki bat antzeman daiteke. Ezkerraldean, berriz, ate baten itxurako espazioa eta Plazaolako trenaren zain zegoen bidaiariarentzako eserleku txiki bat ikus ditzakegu.
Elementu nabarmenena teilapean dago. Metakrilatoan, eguzkiaren argiz proiektatzen den lokomotora zaharraren irudia goraipatzen da. Itzalak, egunean eta urtaroetan zehar eguzki - izpien abiadura eta norabidean aurrera egiten duen irudia sortzen du.
Egilearen hitzetan: "Eguneko ordu eta urtaroen erritmora mugituko den Plazaolako tren zaharraren arima da. Eguzkiaren abiaduran aurrera egiten duen lehenengo trena izango da".

1990ean Eduardo Arreseygorrek zuzendu eta sormen tailerreko ikasleek egindako keramikazko murala. Forma eta koloreen irizpide abstraktua erabiliz Leitzaran bailararen edertasuna irudikatu zuten.

© Udal Artxiboa
Plazaolako trena igarotzeko XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera bitartean eraikitako zazpi begiko zubia da.
Jatorriz, 1904an zabaldu zenean, metalezko zelosia zuen eta kareharri harlandu eta harlankaitzezko sei zutabek eusten zioten.
1945 inguruan berregin zuten: kareharri harlandu eta harlankaitzezko zutabeak mantendu eta hormigoizko taula eta helduleku txiki batzuk ezarri ziren. Zutabeak hormigoiz indartu eta erdialdeko biei, arku nagusi eta arku aringarri txiki batzuk gehitu zitzaizkien.
Begietako bik besterik ez dituzte arkuak, zirkuluerdi-forma eta “PI” itxurakoak. Iruñetik hasita, Auzokaltekoa 32. zubia da, 110 metroko luzera eta 25 metroko garaierarekin, naturbideko garaiena da eta luzeran bigarrena.
Egituran arazoak zirela eta, 2007an konponketa batzuk burutu ziren, “PI” itxurako zutabeak, arkuak, pilak eta estribuak txukunduz. Era berean, plataforma itxuraldatu zen, alde bietan zituen balkoiak kendu eta eskulekuak jarriz.

© Udal Artxiboa
Andoaingo geltokia Iruñea eta Donostia arteko trenbide guztiko garrantzitsuenetariko bat zen.
Plazaolako trenbidea eta iparraldeko trenaren arteko merkantzia trukea geltoki honetan burutzen zen. Lan hori burutzeko, geltokiak bazuen nasa bat, baita beste biltegi batzuk ere. Hori guztia galdu egin da; testigantzazko arrasto bakar batzuk geratzen dira naturbide bihurtu berria den garai bateko bidearen ormaren kontra.
Iparraldeko trenbidera ematen zuen aurreko fatxadak lau solairu zituen, Plazaolako nasetara ematen zuenak bi besterik ez.
Gaur egun, geltoki ondoan kokaturik zegoen nasa zaharberritu dute, berau baita Plazaola trenbidearen Andoiango geltokiko azken arrastoa.