

Zabala-enea etxean jaio zen Rikardo Arregi Aranburu, 1942ko irailaren 22an. Hogeitasei urte geroago, 1969ko uztailaren 10ean, Euskaltzaindiaren bilera batera eta Lur editorialaren diru arazoak konpontzeko gestio bat egitera Bilbora zihoala, auto istripu batean hil zen.
Sasierrota izeneko eskolan egin zituen bere lehendabiziko ikasketak. Hamaika urte zituenean seminariorako bidea hartu zuen, apaztegian piztu zitzaion idazteko sua, eta 1963tik aurrera Zeruko Argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan idatzi zuen. 1964a urte gazi-geza suertatu bide zitzaion, izan ere, euskaltzain urgazle izendatu zuten, baina bestalde, Martutenen gartzeleratu zuten EGIko kide izateagatik.
Kazetaritzaren arloan kokatzen diren hirurehundik gora artikulu idatzi zituen, gehienak Zeruko Argian argitaratuak. Saiakera laburrak berriz, Jakin-en argitaratu zituen "Balmes eta Kant, jakinduriaren asieran" (1961); "Politika estrukturak Europear alkartasunean" (1965); "Sozialismoa modan dago Ezkertiar berriak eta Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu" (1967); "Eguzkialdeko haize horiek" (1969). Euskaraz idatzi eta argitaratutako liburu bakarra Politikaren atarian izenekoa 1969. urtean argitaratu zuen.
1989ko uztailaren 15ean, "Andoaingo seme kuttun" izendatu zuen Andoaingo Udalak.
PATXI ETXEBERRIA (1900-1989)
Gizon erdibitu baten aurrean gaude. Zinez euskaltzalea eta abertzalea izanik eta jakinda Euskal Herrian bazuela lanik aski, Txinan eta Filipinetan igaro zuen bizitza ia osoa, misiolaritzan. Hona itzuli zenean, 87 urterekin, desgaraian aurkitu zen eta ez zitzaion batere atsegin gertatu euskaldun giroa.
Euskalaritzara bere idatzi propioengatik baino gehiago pasa da beste lan mota batzuengatik: Argiako zuzendari izateagatik eta batez ere, Olabideren Biblia argitaratzeko egindako prestaketengatik. Hori burutu eta gero euskaltzain izendatu zuten.
AMA CANDIDA (1845-1912)
"Berrospe" etxean jaio zen 1845. urteko maiatzaren 31ean, Jesusen Alaben kongregazioaren sortzailea izan zen 1871. urtean. Kongregazio hau haur eta gazteen hezkuntza bideratzeko helburuarekin sortu zen. 1912ko abuztuaren 9an hil zen Salamancan.
AMBROSIA OLABIDE (1829-1913)
Andoainen jaio zen 1829ko abenduaren 26ean baina bizitzaren zatirik handiena Gasteizen pasa zuen, bertan bakarrik zeuden emakumeentzako aterpe bat ireki zuen bere etxe batean, aterpe honetan 40 emakume baino gehiago bizi izan ziren. 1876 urtean oblaten komunitatearekin bat egin zuen, komunitatearen sortzailea 1898. urtean hil zenean, komunitateko Nagusi Orokor izendatu zuten, eta postu hau eduki zuen 1904ean kargua utzi zuen arte. Komununitatea utzi ondoren Gasteizera itzuli zen eta bertan hil zen 1913. urtean.
JUAN BAUTISTA ERRO (1773-1854)
Bere ideia Karlistengatik ezaguna, Napoleonen gizonek egindako inbasioari aurre egiteko garaian izan zituen ardura militar nabarmenak. Euskararen inguruan egindako ikerketa lanen ondorioz "Alfabeto de la lengua primitiva de España y explicación de sus más antiguos monumentos y medallas", "Observaciones filosóficas en favor del Alfabeto primitivo", "El mundo primitivo o examen filosófico de la antiguedad y cultura de la nación bascongada" y Filosofía numeral o primitiva" lanak argitaratu zituen.
AGUSTIN DE LEYZA (1694-1763)
1694ko uztailaren 25ean jaio zen Andoainen, oso gazte zelarik Ameriketara joan zen. Bertan gordetako berari buruzko lehendabiziko dokumentua 1717. urtekoa da, bere ezkontza-akta. Peruko San Salvador de Jujuy herrian ezkondu zen Maria Josefa de la Tijera y Vieira de la Mota, euskal jatorriko emaztearekin.
1743. urtean alargundu zen eta seme-alabarik gabe, negozioetara dedikatu zuen bizitza, batez ere ohial, larru eta ganadu importazio eta esportaziora. 1728. urtean bere gain hartzen du San Salvador de Jujuyko elizaren berritze obra, eta 1756.ean, bere jaioterrian eliza berri bat egiteko konpromezua hartzen du horretarako 17000 ogerleko handi eman zituelarik.
AITA MANUEL LARRAMENDI (1690-1766)
"Garagorri" baserrian jaio zen, bere abizen etxearen izena zuen arren, amaren abizena hartu zuen hamazazpi urterekin Jesuitekin bildu zenean. Oso gaztetandik hizkuntzalaritzako irakasle izan zen, eta Salamankako Unibertsitatean teologiako katedraren arduraduna izan zen.
Euskararen oinarrizko arauak ezagutu zituen lehendabizikoa izan zen, hauek azalduz "El imposible vencido, arte de la lengua vascongada", bere obran. Berak idatzirikoak dira baita ere "Diccionario trilingüe, castellano, vascuence y latino" y "De la antigüedad y universalidad del vascuence en España", azken lan honetan Gaztelerak Euskara duela sorburu demostratu nahi zuen.